Ibaien Nazioarteko Eguna ospatzeko ibilaldia antolatu du Herrio natur taldeak ostiralerako

Andrea Zipitria 2024ko mai. 6a, 17:00

Herrio natur taldeak ibilaldia egingo du ostiralean, Altxerri errekan gora. 17:00etan jarri dute hitzordua, herriko plazan, eta Agorregiraino joango dira.

Maiatzaren 11n Ibaien Nazioarteko Eguna da, eta hori aitzaki hartuta, ibilaldia antolatu du ostiralerako Herrio natur taldeak. Altxerri errekan gora egingo dute ibilaldia. Herriko plazatik abiatuko dira –17:00etan jarri dute hitzordua–, eta Agorregiraino joango dira.

Herrio natur taldeak azaldu duenez, ibilaldian zehar geldialdiak egingo dituzte eta "ibaien ekosistemaren inguruko azalpenak" emango dizkiete ibiltariei. Adin guztietako herritarrei zuzendutako plana izango da, "arratsalde pasa ederra" egiteko. Dena dela, haur txikiak dituztenei, 17:30ean Errotara joateko gomendioa egin diete, ibilaldia errazago egin dezaten.